Ahozko inprobisazioaren ezaugarriak. Bertsolaritza ez da munduko ahozko inprobisazio molde bakarra, aspaldi euskaldunok uste genuen bezala. Munduan ugari dira ahozko inprobisazio moldeak; batzuk, bertsolaritza bezala, a capella, ahots hutsez, isurtzen dira; beste batzuk musikaz lagunduta. Hala ere, mundu osoko ahozko inprobisazio adierazpenek ezaugarri komunak dituzte: 1) Unen uneko zuzeneko sorkuntzak dira. 2) Entzulearen parte hartzea beharrezkoa da. 3) Inprobisatzailearen eta entzulearen arteko harremana edo feed-back-a gertatzen da.

Inprobisatzaileek teknika bertsua erabiltzen dute beren sorkuntza prozesuan. Hauek dira pausoak: 1) Inprobisatzaileak, gogora datozkion argudioen artean, egokiena aukeratzen du eta azkenerako gordetzen du. 2) Errimaren arabera gogora datozkion oinen artean bailiagarri zaizkionak aukeratuko ditu. 3) Aukeratutako oin horiek antolatuko ditu, diskurtso koherentea eta eraginkorra osatu ahal izateko. 4) Hori guztia segundo gutxiren buruan egin ondoren, kantatzen hasiko da.

Inprobisazio motak. Esan bezala, ugariak dira munduan ahozko inprobisazio-moldeak. Antzinatik datozen kultura-adierazpenak dira. Batzuk desagertzeko zorian daude, ez delako belaunaldien arteko transmisiorik izan; beste batzuek, aldiz, transmisio lana eten ez delako, bizirik diraute.

Urrutira joan gabe, espainiar estatuan ohozko inprobisazioak adierazpide hauek ditu: Balear uharteetan glosa izenekoa, Katalunian jota, Galizian reguefa, Kanariar uharteetan dezima… azken hau gaztelania hitz egiten den Amerikako hainbat herritan ere egiten da. Bere izena du herri bakoitzean, hala, Argentinan payada osaten zaio, Mexikan, berriz, huapangoa, Kuban controversia…

Europara berriro jota, Sardinia uhartean launedda izenekoa entzun daiteke, Georgian, berriz, sairi eta k´apia izenekoak… munduko txoko guztietan entzun daitezke inprobisatzaileak, belarri erne jarriz gero.

Azken hamarkadetan ahozko inprobisazioa aztertu eta sustatzeko ahalegin handiak egin dira mundu osoan. Ekimen garrantzitsuenetako bat euskal Herrian bertan egin zen, 2003an, Ahozko Inprobisazioa Munduan izeneko jardunaldietan. Astebetez, munduko inprobisatzaileak elkartu ziren Donostian eta Bilbon elkarren artean jakintza eta kantua trukatzeko asmoz.